"Zuhara, lehorreko egonaldiaren ondoren, itsaz azpiko bere mundura dator berriz. Bertan du zain Balea Beltzaren klan osoa.
Bere botereak indartzeko asmoz, Perpetua sorginaren aholkuak beteko ditu Zuharak. Lehenik eta behin, ukendu bat erabiliko du gauero, eta, horrela, bere itsasoko jatorria ezagutuko du ametsetan. Horri esker, bere amari gertatu zitzaiona jakingo du apurka-apurka…
Bitartean, Caer Ys hirian Udazkeneko Jokoen garaia da, eta Zuharak itsas azpiko beste hiri bat ezagutuko du, bestelako ohitura eta sinesmenak dituena. Hango biztanleak, ordea, ez dira Zuharaz fidatzen…"
"Zuhara lekuz kanpo sentitu izan da beti. Ingurukoekin asmatu ezinik, ezberdina, arraroa sentitzen da. Besteen aldean hutsala eta aspergarria. Bere urrezko adatsekin eta ozeanoaren koloreko begiekin, munduan galdua. Bat-batean, azaleko alergia batek zabalduko du familiako sekretuen kutxa. Bizitza hankaz gora jarriko diona. Ustekabean, amak bizitza berri baten aurrean jarriko du Zuhara. Itsas azpian bilatu beharko ote du bere iparra? Bigarren aukera izango du neskatoak. Bere tokia bilatu beharko du jendarte erabat berri batean. Sortzen zaizkion egoera arrotzei aurre egin, eta bidean bere benetako nortasuna ezagutzen hasi. Ez du erronka makala. Baina garbi dauka ezin duela huts egin…"
"Mikelak supituki utzi beharko du atzean baserriko haurtzaroa, ama alargunak Altsasun entregatzen duen unean. Han, gerra zibilaren itzal eta ilinti bizi-bizien artean, neskame arituko da hamahiru urte apenas dituen neskatoa. Hala egin dute bere aurretik ahizpa zaharrek, hala egingo du berak ere, txandan-txandan etxeko mahaia arintzea tokatzen zaionean, eta, bide batez, akaso gerora baliagarria izango zaion ofizioan trebatzea helburu.
Reparaztarren etxean ezagutuko du jende dirudunaren bizimodua, baina baita txanponaren ifrentzua ere. Ez baita giro galtzaileentzat.
Menderatu beharko du etxemina, oroitzapenak bridatuz eta bizimodu berrian bidaide egokituko zaizkionei tokia eginez bizitzaren aro berrira irekitzen hasi den bihotz nerabean.
Ikasiko du, haragi propioan, alferrik dela haize guztietatik babesean egoten saiatzea, noiznahi heldu daiteke-eta, auskaloko zirrikitutik, menderatu beharreko haize bolada ezezaguna. Beti erne, beti prest dagoena dela haizete bortitzen jostailu baldar izan nahi ez duenaren patua. Heziketa sentimental gogor bezain premiazkoa."
"Joneren ama oso kezkatuta dago ikasturte amaieran alabak mugikorrean jaso dituen mezu eta bazterketagatik. Hurrengo urteari begira zer egin pentsatzen duen bitartean, Mundakan bizi den ahizpari eskatuko dio alaba nerabea etxean har dezan, surf-udalekuetara joateko aitzakian. Bere lehengusina Eurirekin igaroko du Jonek, hortaz, uztaila.
Euri Jonek izan nahi lukeen guztia da: polita, jatorra, alaia, nortasun handikoa… Egunak aurrera doazen heinean, ordea, Jone konturatuko da gauzak ez dabiltzala espero bezala, Euri ez dela uste duen bezain indartsua eta ez duela beti defendatuko lehengusina izate hutsagatik…"